| Britainia
Handiko Vedanta enpresak Indian eraikitako birfindegi eztabaidatsuak
milaka indigenen biziraupena eta balio ekologiko handiko zonaren
jasangarritasuna jarri ditu kolokan eta arrisku larrian
Bizirauteko borroka, ezbairik gabe, konstante
bat da azken urteetan herri indigenentzat. Argi-ilunez betetako
borroka. Argiaren eredutzat aipa ditzakegu Brasilen gertatu
berria —hor hiru urtez luzatu den gatazkaren ondoren,
enpresaburu arrozgile batzuk Roraima eskualdeko Raposa-Serra
do Soletik bota zituzten—, edo Perun gertatua —ohianeko
baliabide naturalak erabili eta ustiatzea arautzen zuten bi
lege indargabetzeko ahalegin eztabaidatsua hutsean gelditu da
oraingoz—.
Alabaina, itzalek ere zoritxarrez egin dute lekua arazo liskartsu
honetan. Itzalen lekuan jarri behar dugu geroz eta urriagoak
eta desagertzeko geroz eta arrisku handiagoan dauden herrialde
indigena batzuei gertatu zaiena, batez ere bi arrazoi tarteko.
Bata, mendebaldean ohikoenak diren gaitzen kontrako inmunitaterik
eza; ondorioz, kanpotarrekin izaten duten harremanetan, erraz
hartzen dituzte haien gaixotasunak, eta beren osasun egoera
larria izaten da benetan. Eta bestea, bortizkeria. Enpresa jabeek
askotan erabiltzen dute biolentzia, herrialde haiek mendez mende
okupatzen dituzten lurretan dauden aberastasunak beren probetxurako
eskuratzeko.
Survival Internacional GKEk duela gutxi plazaratu duen Aurrerakuntza
hilgarria izan daiteke txostenean ematen diren datu egiaztatuek
zera adierazten dute: Amerikako indigenen ehuneko 90 europarrekin
harremanetan jartzean hil zen, haiek ekarritako gaixotasunen
ondorioz. Gainontzekoak erailak izan ziren, suntsituak; batez
beste, beren betiko lurretan bizi diren aborigenak 10 urte gehiago
bizi ohi dira beste leku batzuetara eraman dituztenak baino.
2002an, beren ohiko lekutik beste leku batera eraman zituzten
Ganako boskimano eta gwi-en heriotzen ehuneko 40 HIESaren ondorioz
izan zen.
Ikusteko dago dongria kondh indigenek Vedanta Bretainiako meatz
konpainiarekin Indian duen gatazkak nola amaituko duen, hau
da, komunitate indigenek beren eskubideen alde antzinatik daramaten
borrokaren lorpen argia izango den edo porrot egingo duen.
Mehatzeak mehatxu
Vedanta Britaniako enpresa da; birfindegi bat du kondh herri
indigenek —hobeto esan, majhi kondh eta dongria kondh
bakanduak— okupatzen dituzten lurretan, Orissa-n (India).
Industria hori kokatzeko lekua dela eta, ehun bat familia atera
zituzten beren betiko lurraldetik —kasu askotan mehatxuen
pean— beren etxeak eta laborantza lurrak uztera behartuz,
eta ondorioz, birirauteko zeuzkaten baliabideak bertan behera
utziz.
|