| Duela
zenbait urte bateraezinak ziruditen bi mundu lotzen dihardu
‘Disonancias’ egitasmoak: enpresa eta artea. Azken
produktu iraultzaile eta berritzailea lortzea baino gehiago,
enpresetan jarrerak txertatzea da helburua.
Jo dezagun karikaturara. Irudika dezagun, alde
batetik, artista bizardun, bohemio eta kaotiko bat, munduarekin
haserre bizi dena, bere praktika artistikoarekin liluratuta.
Nahas dezagun artista hori, traje gorbatadun eta 300 euroko
orrazkera duen negozio gizonarekin, eta egia absolutuaren jabe
dela uste duen ingeniari grisa eta egoskorrarekin. Zer aterako
litzateke, hirurak elkarrekin lanean jarriko bagenitu? Ezer
onik ez, karikatura serio hartuko bagenu. Txiste bat. Baina,
zorionez, eta askotan halako topikoekin funtzionatzen badugu
ere, errealitatea askoz ere anitzagoa eta aberatsagoa da. Horregatik
da posible gaur egun ustezko mundu arrotz horiek batzen dituen
Disonancias egitasmoa.
Baina zer da Disonancias? Protagonisten esanetan, “esperimentu
bat”, edo “helmugarik gabeko bidaia bat”.
Askoren ustetan bateragarriak ez diren bi esparru uztartuz,
enpresa eta artea, onuragarriak izan daitezkeen konexio ezkutuak
bilatzea. Irakurleak ideia zehatzago bat egite aldera, jo dezagun
egitasmoaren antolatzaileek egiten duten azalpenera. “Ikerketa
proiektu bat garatu nahi duten enpresei artistak eskaintzen
dizkiegu. Erabakitzen dute zein ideia edo prototipo garatu nahi
duten. Guk nazioarteko deialdia irekitzen dugu orduan, hartara
artistek badakite zeintzuk diren aukerak”. Arantxa Mendiharat
koordinatzailearen hitzak dira.
Xabier
L. Labaien
|
Aldaketa 223.
zk. (PDF) 2,9 MB |
|
|